SARRERA
VIII. eta IX. Mendeen artean familia
musulmandar garrantzitsu bat aurkitzeun dugu, Ebro ibaiaren haranean kokatua.
Nafarroaarekin erlazio zuzena izan zuen Erdi Aroko mende hauetan, batzuetan
aliatu bezala eta beste batzuetan elkarren aurka borrokatuz. Artikulu honen
helburua familia honi buruz pixka bat gehiago ikastea da, aurkitu dudan
informazioa jasoz eta txoko honetan eukaraz eta modu egokian zuei aurkeztuz.
Izan ere, Banu Qasiak Ebro inguruko
lurretan ageri diren historiako momentu hori Nafarroako lehenengo erregearen
izendaketarekin eta erreinuaren lehen pausoekin bat egiten du. Beraz, familia
muslmandar hau aztertzeak agian Arista dinastiaren lehenengo pausoak argitzen
lagundu dezake.
Lan honetan, 714. urtetik hasita eta
924. urtera arte, familia honen inguruan gertatzen den guztia argitu nahi da,
Iberiar Penintsulako beste erreinuekiko izan zituzten erlazioak kontuan hartuz
eta, batez ere, Nafarroako Erresumarekin izandako harremanak azalduz.
Testua ulertzen laguntzeko, Banu Qasien
lehenengo urteetako genealogia bat aurkezten dizuet:
Erabili ditudan informazio iturriak
hurrengo hauek dira:
-
Los Banu Qasi (714-924), Alberto Cañada Juste
-
Navarra o cuando los vascos tenían reyes,
Pierre Narbaitz
-
Banu Qasi, los hijos de Casio, Carlos
Aurensanz
-
Internet
I. LEHENENGO
BANU QASIAK
JATORRIA
Ibn Hazm-ek, XI. mendeko historiagile
eta poligrafoa, zera adierazten du: arabiarrak Hispanian sartu ziren garaian,
Qasi izeneko goiko markako konde (qumis, arabieraz) batek Siria aldera jo zuen,
Damascoko al-Walid kalifari obedientzia osoa eskeini eta erlijio
musulmandarrera edo Islamera bihurtuz. Gainera, familia honen amankomuneko
arbasoa dela eta berak eta bere ondorengoek Omeya dinastiarekiko bezero (mawali) titulua izan zutela ere esaten du.
Testigantza hau Ibn al-Quatiyak
berresten du, Musa ibn Musaren arbaso batek al-Walid kalifarekin bezero loturak
kontratatu zituela (bere babespean Islamera bihurtu zelako) esaten duenean.
Azkenik, “Crónica de Alfonso III” kronikak Musa aipatzen du, “gogo de nación, aunque de rito mahometano” adierazten duenean.
Informazio iturri ezberdin hauek hurrengo gertaera historikoak ezartzen laguntzen digute.
713. urtean Musa eta Taric-en tropak Ebroko haranera iristen dira (Merida eta Toledo okupatu ondoren). Lur hauetan kokatzen zen Qasi edo Casius izeneko konde bisigodoa gertaera hauen testigu izan zen eta Musaren laguntzaz Damascora bidaiatzen du, bertan al-Walid hil baino lehenago (715. urteko otsailaren 25ean hil zen) islamera bihurtuz eta kalifaren babesa lortuz. Musulmandarra izatea erabakitzen du, Islamak abantaila sozialak eskeintzen baitzituen bihurtutzen zirenei, kristauek eta judutarrek (dimmíes izendatzen zitzaien erlijio hauen jarraitzaileei) zerga bat ordaindu behar zuten bitartean euren erlijioa modu askean praktikatzeko.
Ibn Hazm-ek aurkezten duen genealogiari esker dakigu Qasi kondearen semea-alabak Fortún, Abu Tawr, Abu Salama, Yunus eta Yahya izan zirela (zaharrenetik gazteenera). Bitxia da izen musulmandar guztien artean izen kristau eta pirineotar bat agertzea. Casius edo Qasi gaztea zen musulmandarren konkista suertatu zenean, eta konkista baino lehen (eta kondearen erlijio aldaketa baino lehen) Fortún izeneko semea izan zuen.
KONDAIRA: BANU SALAMA
Musulmandarrak al-Andalusen sartu eta goiko markan zehar joan zirenean, batzuk Huesca inguruan ezarri ziren eta zazpi urteko setioari ekin zioten. Ondorioz, bertako kristauek amore eman zuten; batzuk Islamera bihurtuz eta besteak kristau fedearekin jarraituz. Kondairak dio arabiar konkistatzaileak hirian jarraitu zutela Banu Salama Tuchibiak errebelatu ziren arte, boterea bereganatuz urte askotan zehar, baina Huescako biztanleriaren gorrotoa sortu zuen politika desegoki batekin. Hiriak askatzaile baten beharra zuen. 797. urte inguruan agertu zen Bahlul ibn Marzuq, bildu ahal izan zituen tropekin Banu Salama leinua boteretik kendu zuena.
Horrela izan al ziren gertaera historikoak? Ibn Hazm-en genealogiak Tuchib-ek penintsulan kontrolpean zituen etxeetaz hitz egiten du, Zaragoza, Daroca eta Calatayud izendatuz. Ez ditu aipatzen Huesca eta Banu Salama leinua. Beraz, Tuchibiak ez baziren, eskualdeko beste klan bateko kide ziren. Garai honetan (VIII. eta XIX. mendeak) lurralde horretan agertzen den klan garrantzitsuena Banu Qasiak dira hain zuzen ere. Aurreko atalean ikusi dugun moduan, Qasi kondearen semeetako bat Abu Salama izan zen, dudarik gabe Banu Salama leinuaren jatorria izan zena.
MUSA IBN FORTÚN
VIII. mendean zehar Banu Qasiak familia
boteretsu bat besterik ez ziren, Ebroko haraneko toki batzuetan kokatua
zegoena. Kordobako Abd al-Rahman I eta Hisham I Omeyatarrekin laguntasun
erlazioa zuten, zerbitzu militar jakin batzuk eskeintzera iritsi zirelarik.
Baina Hegirako 172. urtean (egutegi kristauko 788. urtean) Musa ibn Fortúnek
Zaragozatik bota zuen Said ibn al-Husayn errebeldea, Hisham I.aren aurka altxa
zena hiria okupatuz. Ekintza honekin Banu Qasiak ezagutzera eman ziren. Baina
urte bat beranduago Musa ibn Fortúnek hiria galdu zuen Hisham I.arentzat, Atruh
ibn Sulayman errebeldeak okupatu baitzuen.
Errebolta garai honen ondoren, Omeyatar
al-Hakam I.a kalifak goiko markaren buruzagi izendatu zuen Amrús ibn Yusuf,
Ebro inguruko lurraldeak lasaitu nahian. Seguraski honen ondorioz, Musa ibn
Fortúnek bere leialtasuna galdu zuen Omeyatar kalifarekiko.
MUTARRIF IBN MUSA
Aipatu dudan moduan, 788. urtean Musa
ibn Fortúnek Zaragoza okupatu zuenean, bere fideltasuna erakutsi zion Hisham
I.ari, eta honen gortean Banu Qasien izenak garrantzia hartzen du. Horrela,
Hisham I.ak Mutarrif ibn Musa izendatzen du Iruñeako Wali edo buruzagi.
Baina 799. urtean al-Hakam I.aren
izendaketaren ondorioz eman ziren errebolten inguruan, Mutarrif ibn Musa erail
zuten. Ikusi dugun moduan Kalifak Amrús ibn Yusuf bidali zuen goiko markako
egoera baretzera 801. edo 802. urtean. Mutarrifen heriotzaren ondorioz Banu
Qasiak kalifatoarekiko errebelatu ziren, 802. urtean Zaragozan Yusufen aurka
altxatuz Musa ibn Fortúnen eginduetara.
Saiakera honetan galdu zuen bizitza
Musak. Al-Hakam kalifatotik urrun, Banu Qasiei aukera bakarra geratzen zitzaien
euren leinua babesteko: Iruñeako kristau Baskoiekin aliantza bat osatzea. Banu
Qasiak eta Baskoiak elkarrekin Tutera okupatzea lortzen dute 802. urte horren
inguruan. Aliantza hau aipatzen da (806. urteari buruz) “Annuales Laurissenses”
testuan: In Hispania vero Navarri et
Pampilonenses qui superioribus annis ad saracenos defecerant, in fidem recepti
sunt.
No hay comentarios:
Publicar un comentario