Nafarroaren konkistaren 500. urteurrena betetzen den 2012. urte honetan, ekitaldi eta ospakizun ugari egon dira Nafarroa guztian zehar (maritimoan, haranetan eta baita pirineotatik beste aldeko Nafarroan ere). Gazteluen suntsiketa, lurren erretzea eta nafartasunaren bahiketa gogoratzen ditugu beste batzuek Nafarroako (murriztutako Nafarroa) autonomia goraipatzen duten bitartean. Ez dute onartuko, baina euren begiradatan beldurra somatzen dut. Beldur dira, izan ere, gizarteak memoria historikoa berrekuratu nahi du eta ez dator bat nafar espainolistek imposatu nahi duten Historia ofizialarekin. Mendeetan zehar mehatxuak eta gezurrak erabili dituzte gure herriaren iragana denboran zehar diluitzeko intentzioarekin. Baina ibai eta mendiz, lautada eta haranez, gaztelu eta herriz osatuta daugoen herri honetan bizi direnak gogorrak dira; gogorrak izan behar dira Gaztelako gortetik datozenei aurre egiteko. Trebeak dira, boteredunak, horrelako trikimailuetan ohituak, gezurra goraipatuz hura sinisteraino heldu direnak.
Goraipatu ditzagun, beraz, Amaiurreko gudariak, Orreagan gure nazioaren sarrera babesten bizia utzi zutenak, Hondarrabian azken momenturaino Nafarroako kateak haizearen erritmoan higitzen zituzten euskaldunak. Goraipa dezagun Eneko Aritza, Toda erregina, Santxo Haundia. Goraipa ditzagun larreak lantzen zituzten nafar xumeak eta artzaiak, Ternuaraino bale bila irteten zirenak eta baserrietako sagardogileak.
Orain dela 800 urte hasi zenuten gudua bukatutzat jo zenuten, baina oker zaudete. Garaia iritsi da, Historiak Nafarroari zor dion lekua berreskuratzeko garaia. Jarraitu dezagun askatasunean oinarritutako nafar estatu baten alde borrokatzen. Gaztelaren beldurrak errealitate bilaka ditzagun!
No hay comentarios:
Publicar un comentario